lunes, 20 de enero de 2014

Bi zisne



Goizeko zortziak dira eta mugikorrean bart aktibatu zenuen iratzargailuak jotzen du, belarrietako tinpanoak zulotzen dituen soinu kirrinkari bat emitituz. Buruak eztanda egingo dizulakoan zaude; izan ere, astelehena da eta oraindik larunbatean botatako parrandaren ostearekin esnatu zara. Dagoeneko, ez zara DBH ikasten ari den nerabea. Urtarrila da eta karrerako azken kurtsoko azken lauhilekoari egingo diozu aurre. Zure gorputzari kafeina dosi bat ematera behartuta sentitzen zara egun gogor hau eusteko asmoz. Koilararekin kafeari eragiten egiten diozu eta puntu fijo batera begiratuz "zahartzaroak jota nago" esaldia errepikatzen da behin eta berriz zure buruan. 9.00tik 13.00ra bitartean klaseak izateaz kexatzen zara, eta sinisduna izan ez arren, bigarren orduko irakaslea klasera ez etortzeko otoitz egiten duzu. Bart ordu txikitan bukatu zenituen Whats App bidezko elkarrizketak eta orain logalearen esklabu, ordu gehiago lo egin ez izanaz damutzen zara. 


Jende pila dago autobus geltokian, baina... zorionekoa zu! Esertzeko toki bat libre aurkitu duzu leiho ondoan eta pentsatzen hasten zara. Euri zaparrada ari du kanpoan eta tantek leihoan egiten duten ibilbide bertikalari so egiten diozu. Txikitan, "lasterketa hura" zeinek irabaziko ote zuen asmatzera jolasten zinen. Orain ordea, ez daukazu horretarako denborarik. Ipod- a piztu eta Oasis- en Whatever abestia entzuteaz batera, buruari bueltak ematen hasten zara. Ez zara 90. hamarkadako ume txikia, ezta 2008. urteko nerabea. 2014. urtea da eta duela 22 urte jaio zinela konturatuko zara. Hots, bi zisneak betetzeko unea iritsi zaizu.


Oraindik aurrera, ikasketak ez dira zure bizitzan lehentasuna izango duten elementuak. Uztailean gradua amaitzeko asmoa duzu eta bizitza beste prespektiba batetik begiratzen hasiko zara. "Eta orain zer?" galdetuko diozu zeure buruari, hark erantzun sinesgarri bat emango dizulakoan. Baina zoritxarrez, zure buruak ez du itaun hau erantzuteko hitz egokirik. Alde batetik, ikasten jarraitu nahi duzu eta masterren bat egitea kontsideratzen ari zara. Izan ere, krisi garai honetan aukera onena litzateke, lana aurkitzea ezinezkoa edo behintzat oso zaila baita. Baina zure trebeziaz jabetzen zara eta zure dohainenganako konfiantza osoa duzu, beraz, lana bilatzearen ideiari ere bueltaren bat edo beste eman dizkiozu. Aurreko baieztapen biak egun eta hemen nahikoa ez direla entzun duzunez, patuaren esku uztea onena litzatekeela uste duzu, eta atsekabetu egiten zara. Atzerrira ihes egiterik ere baduzu, baina betiko lagunak eta familia atzean utzi beharko dituzu. Oraindik gehiago atsekabetzen zara. Hain beltza al da gero eta hurbilago sentitzen dugun etorkizun hau?


Unibertsitatera iritsi zara. Amaitu da bidaia; autobus bidaia, noski. Zure bizitzakoa oraindik hasi baino ez baituzu egin. Beraz, ez kezkatu hortaz, momentuz behintzat. Gaztea zara, eta oraindik gauza asko dituzu ikusteko eta ikasteko. Hori dela eta gozatu ezazu bidaia, zeurea baita soilik. Zuk zeuk erabakitzen duzu nor izan nahi duzun lagun, eta nor utziko duzun bidean. Hortaz, egin irribarre eta carpe diem!


<3