Izugarrizko oihuak botatzen zituzten; lehorgailuen zaratarekin eta zeramatzaten sonotoneek honela hitz egitera behartzen zituzten. Hau guztia gutxi balitz, farandulako kontuak alde batera utzi eta herrian jasotako gertakizunez ere mintzatzen ziren. Bermeon 17.000 jende inguru bizi gara; eta era batera ala bestera guztiok elkar ezagutzen gara. Norbait ezkondu, banandu, hil, jaio, erori ala ipurdia ikusi bazaio guztiok enteratuko gara ileapaindegietan egiten den radio patioren bidez.
Ez dakit beste herrietan baina nirean behintzat txutxumutxua izugarri atsegin du jendeak. Salvame eta estiloko programa asko ikusten dituzte, batez ere emakumeek, bazkalostean. Ondoren kalera atera eta Lamerako banku batean exerita komentatzen dituzte interesgarriak iruditzen zaizkien gaiak. Kasu honetan, Albako Dukesa eta bere gizonaren arteko harremana, Belen Estebanen oporraldia edota Gran Hermanotik kanporatu duten lehiakidearen bizitza.
Bazkaldu ondoren telebista pizteak beldurtzen nau. Prentsa arrosa jorratzen den saio horietan oiloak kakaraka egiten baino ez dira entzuten. Izan ere, askotan ezinezkoa egiten da esaten ari direna entzutea, guztiak batera oihu egiten dutelako. Hala ere, batzuetan, oilo guzti hauen gainetik autoritate nagusiz hitz egiten duen oilarrak lasaitzen du egoera.
Nola liteke, bada, pertsona bat telebistan oihuka ikusteak horrenbesteko zeresana ematea, edota jendearen begiak saio horretara itsatsita mantentzea? Haurtzandegia ere gainditu ez duten horiek betetzen dute egun telebistako parrila. Bitartean, ni eta ni bezalako beste asko eta asko komunikazioarekin erlazionatuta dauden ikasketak burutzen ari gara unibertsitatean. Baina zertarako? INEMeko ilaran bukatzeko; horretarako, hain zuzen ere. Morboa sortzen duten beste kulturagabeko batzuek gure dagokigun postua hartuko dutelako gure lan eremuan. Reality Showetatik ateratzen diren askok lortzen dute telebistan "kazetari lanetan" jardutea. Kazetariaren deontologia zapaldu eta duintasuna galduz edozer egiteko gai dira, beti ere programaren audientzia igoteko bada. Honegatik esan daiteke telebistak hegazti- gripea duela, eta lehen bait lehen osatu beharra dagoela.
Nire galdera ondorengoa da: non amaituko dugu komunikazioko ikasleok? Dagoeneko nekatuta gaude zuzenean langabeziara joango garela entzuteaz. Inongo esperientziarik ez duten jendeak gure lana burutzen ari direla ikusteak haserretzen gaitu. Are okerragoa da oraindik, jende askok hau gustuko izatea eta ematen dituzten pausu guztiak jarraitzea.
Beste barik, burua ebakiko niokeen nik ospe eta diruzale hauei guztiei. Zoritxarrez, denok dakigun bezala, oiloei burua ebaki ezkero, kakaraka egiten jarraitzen dute.